Zer da?

Gripea batez ere arnas sintomak sortzen dituen gaixotasun infekziosoa da, birus batek eragiten du eta oso erraz kutsatzen da. Oraingo gripe hau (hasiera batean txerri gripea edota "gripe berria" deitu zitzaiona) gripe birusaren azpitipo berri batek, A/H1N1 birusak, eragiten du, eta hain zuzen berria delako ez gaude aurre egiteko immunizaturik; beraz, pertsona asko dago gripe hau harrapatzeko arriskuan.

Musika


Txertoak daude soberan

Frantziako Gobernuak jakinarazi du A/H1N1 gripearen aurkako txertaketa kanpaina hasi zenetik bost milioi txerto ezarri dituztela osasun zerbitzuek. Aldi berean, soberan dituen txertoak nola saldu ikertzen ari da. A/H1N1 gripeari buru egiteko asmoz, Frantziak 94 milioi txerto erosi zituen uztailean. Soberakina saldu nahi du Frantziak, baina ez da hori egin nahi duen estatu bakarra Europan. Frantziako Gobernuak 94 milioi txerto erosiko zituela iragarri zuelarik, bat-bateko erabaki urduria zela ohartarazi zuten hainbat adituk. Txerto kopurua handiegia izateaz gain, txertaketa kanpainaren aurrekontua neurriz kanpokoa zela azaldu zuten. Frantziako Gobernuak ez du ezagutzera eman zein izanen den kanpainaren prezioa. Adituen iritziz, 835 milioi euro ordaindu du Frantziak txertoak erosteko, baina kopuru horri erantsi behar zaizkio xiringen balioa, txertatze guneen alokairua, osasun arloko langileen ordainketa, mantenua eta garraioa, bertzeak bertze. Orotara, xahutzea 2.000 eta 2.500 milioi euro artekoa izanen da.

Hastapenean pertsonako bi txerto beharko zirela uste zuten osasun arloko arduradunek, baina batekin aski zela onartu zuten gerora. Gainera, flasko berean hamar txerto inguru daude eta eguna bukatzen delarik, hasitakoak bota behar dituzte. Txerto bakarreko flaskoak aurreikusi ez zituenez, gastuak biderkatzea leporatu diote Frantziako Gobernuari. Ororen buru, minbiziaren aurkako bost urteko plana baino hiru aldiz garestiagoa izanen da A/H1N1 gripearen aurkako txertatze kanpaina, gripe arruntak baino heriotza gutxiago eragin duelarik.

Espainiaren kezkak

Denera zenbat txerto sobratuko zaizkion ez du zehaztu oraindik ere Espainiako Gobernuak, baina argi dago asko izango direla. 37 milioi dosi enkargatu zituen, eta eri kronikoek hiru milioi txerto jarri dituzte oraingoz. Soberan geratzen direnak, laborategiekin akordiorik ez duten Europako Batasuneko herrialdeei saltzea du buruan, Polonia eta Bulgariari kasu.