Zer da?

Gripea batez ere arnas sintomak sortzen dituen gaixotasun infekziosoa da, birus batek eragiten du eta oso erraz kutsatzen da. Oraingo gripe hau (hasiera batean txerri gripea edota "gripe berria" deitu zitzaiona) gripe birusaren azpitipo berri batek, A/H1N1 birusak, eragiten du, eta hain zuzen berria delako ez gaude aurre egiteko immunizaturik; beraz, pertsona asko dago gripe hau harrapatzeko arriskuan.

Musika


Apirilean ondorioak aterako dira

A/H1N1 gripearen pandemiak behera egin duela badirudi ere, ondorioak ateratzeko unea apirilean helduko dela adierazi du OME Osasunerako Mundu Erakundeak. Ohiko gripearen bilakaera orduan bukatuko dela azaldu du Margaret Chan OMEko zuzendari nagusiak, eta gaineratu du horren aurretik egiten diren irakurketak ez direla osoak izango. «Ezin dugu iragarri zer gertatuko den hego hemisferioak gripe sasoia hasten duenean», nabarmendu du.

Gripe pandemiaren aurrean OMEk izan duen jarrera txalotu du Chanek. Gobernuek izan zuten badaezpadako jarrera defendatu du, hainbat herrialde garatuetan gerora erabili diren baino txerto gehiago erosi ziren arren. «Biztanle asko ez dira txertoa jartzera joan, eta horrek agerian uzten du komunikazioaren alorrean dugun erronka». Txertoak sobera dituzten herrialde batzuk laborategiekin kontratuak negoziatzen saiatzen ari dira, edo txerto horiek saltzeko aukera aztertzen.

Alarma egoeran, eragina

Europako Kontseiluak ikertu egingo du A/H1N1 gripeak sortutako alarma egoeran behar ez zuten eragina izan ote zuten botika enpresek. Europako Kontseiluko Legebiltzar Asanbladako Osasun Batzordeko lehendakari Wolfgang Wodargen ustez, orain artekoa ez da jokabide egokia izan, albo ondorioak eragin zitzakeen arren osasuntsu zeuden milioika pertsonei «behar beste» ikertu ez den txerto bat jarri zaielako.

Txertoak daude soberan

Frantziako Gobernuak jakinarazi du A/H1N1 gripearen aurkako txertaketa kanpaina hasi zenetik bost milioi txerto ezarri dituztela osasun zerbitzuek. Aldi berean, soberan dituen txertoak nola saldu ikertzen ari da. A/H1N1 gripeari buru egiteko asmoz, Frantziak 94 milioi txerto erosi zituen uztailean. Soberakina saldu nahi du Frantziak, baina ez da hori egin nahi duen estatu bakarra Europan. Frantziako Gobernuak 94 milioi txerto erosiko zituela iragarri zuelarik, bat-bateko erabaki urduria zela ohartarazi zuten hainbat adituk. Txerto kopurua handiegia izateaz gain, txertaketa kanpainaren aurrekontua neurriz kanpokoa zela azaldu zuten. Frantziako Gobernuak ez du ezagutzera eman zein izanen den kanpainaren prezioa. Adituen iritziz, 835 milioi euro ordaindu du Frantziak txertoak erosteko, baina kopuru horri erantsi behar zaizkio xiringen balioa, txertatze guneen alokairua, osasun arloko langileen ordainketa, mantenua eta garraioa, bertzeak bertze. Orotara, xahutzea 2.000 eta 2.500 milioi euro artekoa izanen da.

Hastapenean pertsonako bi txerto beharko zirela uste zuten osasun arloko arduradunek, baina batekin aski zela onartu zuten gerora. Gainera, flasko berean hamar txerto inguru daude eta eguna bukatzen delarik, hasitakoak bota behar dituzte. Txerto bakarreko flaskoak aurreikusi ez zituenez, gastuak biderkatzea leporatu diote Frantziako Gobernuari. Ororen buru, minbiziaren aurkako bost urteko plana baino hiru aldiz garestiagoa izanen da A/H1N1 gripearen aurkako txertatze kanpaina, gripe arruntak baino heriotza gutxiago eragin duelarik.

Espainiaren kezkak

Denera zenbat txerto sobratuko zaizkion ez du zehaztu oraindik ere Espainiako Gobernuak, baina argi dago asko izango direla. 37 milioi dosi enkargatu zituen, eta eri kronikoek hiru milioi txerto jarri dituzte oraingoz. Soberan geratzen direnak, laborategiekin akordiorik ez duten Europako Batasuneko herrialdeei saltzea du buruan, Polonia eta Bulgariari kasu.

Txertaketa (III)

A/H1N1 gripearen aurkako txertoa herritar gehiagori eskaintzeko aukera aztertzen ari da Osakidetza. Hala jakinarazi zuen Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo, Eusko Legebiltzarrean bildutako Osasun Batzordean. Izan ere, gripe berriaren aurkako txertoa 468.000 herritarrei jartzea zen Osakidetzaren aurreikuspena, baina kopuru horren bosten batek baino ez du jarri txertoa orain arte, hain zuzen ere, 94.614 lagunek. 


Azaroaren 16an jarri zuen martxan Osakidetzak txertatze kanpaina. Gripea hartzeko arriskua izan zezaketen herritarren taldeak zehaztu eta haientzako egin zuen kanpaina Osasun Sailak: adinekoei, haurdunei, osasun langileei eta gaixo kronikoei, besteak beste. Emaitzak ikusita, txertoa beste talde batzuri eskaintzeko aukera aztertzen ari dira orain, Bengoaren hitzetan. Sailburuaren ustez, dena dela, txertatze maila hori «oso balekoa» da, baina aitortu du «agian» ez dutela oinarrizko zerbitzuetako langileengan «behar adinako» ahalegina egin. Orain arte, 377.450 dosi jaso ditu Osasun Sailak, eta «erreserba estrategiko gisa» gordetzen dituztela esan du Bengoak. «Ez dugu baztertzen, egoeraren arabera, txertoa jaso dezaketen beste talde batzuei eskaintzea erabakitzea».


Kontrolpean, herritarrei esker 


Gaitzaren hedapena mugatzea lortu da «herritarrei esker», Bengoaren ustez. Dena dela, gaitzaren aurkako neurri guztiei eusten dizkietela jakinarazi du. Gaixotasunak hilabeteotan izaniko eraginaren inguruko datuak ere eman ditu. Apiriletik gaitzak jotako zazpi lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 718 lagun ospitalean izan dira horregatik -haietatik 71 Zainketa Intentsiboetako Unitatean-. Adinaren arabera, 50 urtetik gorako herritarrengan atzeman da kasu gehien, eta 5 eta 14 urte bitartekoengan izan du eragin handiena. Iragan astean A/H1N1 gripearen eragina epidemiaren mugaren azpitik izan zen: 37 kasu 100.000 biztanleko. Urriaren 25eko astean jazo zen kasu gehien: 100.000 biztanleko 534 kasu atzeman ziren.

Txertaketa (II)


Txerto berri hori azaroaren 16tik dago eskuragarri.Gripearen A/H1N1 birus berria agertu dela eta, txerto berri bat egin behar izan da, zeren urtaroko gripearen aurkako ohiko txertoak ez du babesten birus berriaren aurrean.
Ondoko taldeak izan daitezen lehentasuna izango dutenak A/H1N1 gripearen aurkako txerto berria hartzeko:
  • Langile sozio-sanitarioak, honako azpitalde hauek barne hartzen dituztenak:
    • Osasun zentroetako langileak, bai lehen mailako atentziokoak eta bai ospitalekoak, publikokoak zein pribatukoak.
    • Hirugarren adineko egoitzetan enplegaturiko pertsonak
    • Gaixotasun kronikoak edo minusbaliotasunak dituzten pertsonen atentzioko zentroak, hau da, eguneko zentroak etab.

  • Oinarrizko zerbitzu publikoetan lan egiten duten pertsonak, honako azpitalde hauek barne hartzen dituztenak:
    • Estatuko segurtasun indar eta gorputzak, direla estatu mailakoak, erkidego mailakoak zein herri mailakoak.
    • Suhiltzaile zerbitzuak.
    • Babes zibileko zerbitzuak.
    • Larrialdi sanitarioen zerbitzuetako telefonoetan lan egiten duten pertsonak.
    • Anbulantzia propio zein hitzartuetan lan egiten duten pertsonak.
    • Presondegietako langileak.
    • Errefuxiatu eta etorkinaren atentzioko barnerapen zentroak.
    • Adin txikikoen zaintza judizialeko zentroak.

  • 6 hilabetetik gorako adina duten pertsonak, baldintza kliniko bereziren bat aurkezten dutelako, konplikazioak jasateko arrisku altua dutenak, A/H1N1 birus berriak eragindako infekzioaren ondorioz. Aipatu baldintza klinikoak honako hauek dira:
    • Bihotz hodietako gaixotasun kronikoak (hipertentsioa izan ezik).
    • Arnas gaixotasun kronikoak (bronkio-biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta asma moderatu-larri iraunkorra barne).
    • Tratamendu farmakologikoan dagoen I tipoko eta II tipoko diabetes mellitusa.
    • Giltzurrun gutxiegitasun moderatu-larria.
    • Hemoglobinopatias eta anemia moderatu-larriak.
    • Asplenia.
    • Gaixotasun hepatiko kroniko aurreratua.
    • Gaixotasun neuromuskular larriak.
    • Immunosupresioa duten pazienteak (GIB infekzioak zein farmakoek eragindakoa edo transplanteetako hartzaileak barne)
    • Obesitate morbidoa (gorputz masaren indizea 40 edo gehiagokoa).
    • 18 urtetik beherakoak, Reye sindromea garatzeko daukaten arriskuagatik, azido azetilsalizilikoarekiko tratamendu luzean daudenak.

  • Emakume haurdunak.

Txertaketa (I)

Egun, gure artean detektatzen diren gripeen % 97 baino gehiago H1N1 birusak eragindakoak dira -A gripea, alegia-. Eta duela egun gutxi martxan jarri den A gripearen kontrako txertatze kanpainarekin, osasun agintariek arrisku taldetzat jotako pertsona guztiak babestu nahi dituzte: haurdun dauden emakumeak, 8 hilabetetik gorako gaixo kronikoak, langile soziosanitarioak eta oinarrizko zerbitzu publikoetako pertsonala, hots, Ertzaintza, suhiltzaileak, babes zibileko eta espetxeetako langileak. 


Hasiera batean, bederen, txertatze kanpainak hilabete eta erdi inguru iraungo duela aurreikusi dute, baina litekeena da premien arabera epea luzatzea. Kanpaina aldi berean egingo da erkidego guztietako arrisku talde guztientzat. Agintaritza bakoitzak erabaki du, hala ere, kanpaina hori nola antolatu bere lurraldean, eta osasun etxeetako medikuak eta erizainak dira herritarren zalantzak argitu eta, kasu bakoitza berariaz aztertuz, arrisku taldeetatik kanpo dagoen paziente jakin batek txertoa hartzea behar duen erabakiko dutenak. 


Dagoeneko txertoa jasotzen hasi diren arrisku taldeen artean daude arrisku kardiobaskularreko gaixo kronikoak -hipertentsioa kanpoan utziz-, arnas gaixo kronikoak -horietan sartzen dira fibrosi kistikoak jotakoak eta asma moderatu edo larria dutenak-, I eta II motako diabetes mellitusa izan eta tratamendu farmakologikoa hartzen duten pazienteak, giltzurruneko gutxiegitasun moderatu edo larria, hemoglobinopatiak eta anemiak -moderatuak nahiz larriak- jasaten dituztenak. 


Era berean, txertatu egin behar lukete gizentasun morbidoa duten pazienteek ere -beren gorputz masaren indizea 40koa edo hortik gorakoa dutenak-, gibeleko gaixo kronikoak, gaixotasun neuromuskular larriak dituztenak, paziente immunogutxituak -GIB birusak eragindakoak barne-, baita Reyeren sindromea garatzeko arriskua dela medio azido azetilsalizilikoarekin (aspirinarekin) tratamendu luzeak hartzen ari diren 18 urtetik beherako haur eta nerabeak ere. 


Pertsonal soziosanitarioaren barruan hauek sartzen dira: osasun etxeetako langile guztiak, lehen mailako arretakoak nahiz ospitaleetakoak, publiko nahiz pribatuak, hirugarren adinekoen egoitzetan ari diren langileak, baita gaixo kronikoen zaintza dihardutenak, era eta maila guztietako zentroetako enplegatuak ere, bereziki sentiberak diren pertsonekin etengabeko erlazioa baldin badute. 


Hiru txerto diferente eta dosi bakarra 


Txertatze horietarako milaka eta milaka txerto erosi dizkiete osasun agintariek hiru laborategi farmazeutikori: Novartis etxearen Focetria, GlaxoSmithKline etxearen Pandemrix eta Sanofi Pasteurren Panenza izenekoak. Dosi horiei guztiei esker, biztanleen %60 txertatzera iristea espero dute. Lehenengo txertoa (Focetria) 17 urtetik beherakoentzat eta 60tik gorakoentzat gomendatzen dute batez ere; gainerako pazienteentzat, Pandemrix erabiltzea aholkatzen dute. Azkenik, emakume haurdunen kasuan, arrisku talde horri jarri beharreko txertoa Panenza da. 


Dosien kopuruari dagokionez, A gripearen kontrako hiru txertoak dosi bakarrean emango direla jakinarazi dute adituek, edozein delarik txertoaren hartzaileen adina. Hala ere, bi urtetik beherako haurtxoen kasuan, «bigarren dosi bat beharrezkoa» izan daitekeela ohartarazi diete profesionalei. Dena den, bigarren dosi horren premia finkatuz gero, garaiz emango da aldaketa horren berri. 


Haurdunek ere badute beren txertoa 


Emakume haurdunen kasuan, txertatzearen hasiera egun batzuk atzeratu da. Zergatik gertatu da? Arrisku talde horri jartzekoa den txertoa, Sanofi Pasteur laborategiak fabrikatutako Panenza, oraintsu onartu berri dutelako gai horietaz arduratzen diren Europako osasun arduradunek. Txerto horrek «segurtasun handiagoa ematen du», ez baitauka adjubanterik, eta txertoaren antigenoa potentziatzen duen substantzia horrek (adjubanteak) baditu alde onekin batera arrisku potentzial gehiago ere. 


Europako Batasunak prozedura zentralizatu baten bidez onartu zituen beste bi txertoak; bestela esanda, onarpena osasun agintari europar gorenek hartu zuten EBko herrialde guztietarako. Haurdun dauden emakumeentzako bereziki gomendatzen den txertoa, ordea, hainbat herrialdetako lantaldeek beren kasa ikerketa eta ebaluazio prozedurak jarraitu ondoren, tokian tokiko onarpena izan du, talde bakoitzaren prozedurari jarraituz. Eta herrialde guztietan egindako saiakuntza klinikoetan adjubanterik gabeko txerto hori eraginkorra eta segurua dela frogatu dute. Ez dago, beraz, larritzeko eta kezkatzeko aparteko motiborik alde horretatik. 


Normaltasuna aurreneko egunetan 


Txertatze kanpaina martxan jarri zenetik, A gripea dela eta, erabat giro lasaia izan dute osasun zentroetan. Orain hilabete edo aste batzuetako zalantzak zirela medio, hasieran pertsona bakoitzeko bi dosi beharko zirela pentsatzen zuten adituek, eta horregatik erosi beharreko txertoen kopuruak ikaragarri puztu ziren. Egungo egoera ikusita, ez dago kezkatzeko inolako arrazoirik. 


A gripeak hasierako hilabeteetan eragindako beldurrak gehiegizkotzat jotzen dira, gaur egungo ikuspegitik, eta, oraingoz, esan dezakegu A gripeak koadro arinak eragiten dituela. Hala ere, zuhurtziaz jokatu behar da, neguko sasoia pasatu arte, behintzat. Izan ere, osasun sistema prest dagoen arren, sekula ez dira gisa horretako egoerak gutxietsi behar, eta horrelako birusen aurrean adi-adi egon beharra dago betiere. Bestalde, gaixotasun berri bat denez, ez da harritzekoa duela hilabete batzuk, bai OMEk bai herrialde askotako agintari eta aditu sanitarioek alarma hotsak zabaldu izana. 


Gaitzaren arrisku posibleen eta orain arteko eboluzioaren balantzea eginez, gaur egun arriskua espero zena baino txikiagoa da, baina, hala ere, arrisku taldeetan dauden pertsona guztiei txertatzea gomendatzen zaie, beren osasunerako mesedegarria gertatuko baitzaie. Orain, A gripearen epidemia pandemia bihur ez dadin une egokian gaudenez, ez dira inolaz ere ahaztu behar populazioari zabaldutako prebentzio mezuak. Arrisku taldeen txertatze da prebentzio mailako mezu horietan nagusietako bat, nagusia ez bada. Datozen aste edo hilabeteetan gaixotasunaren gailur berri bat espero da gure artean; gehiago kutsatuko direla esan nahi du horrek. Horregatik prest egon behar dugu fase berri horri modu seguruan eta lasaian aurre egin ahal izateko. 


Txertoaren arriskuak edo albo ondorioak 


Orain arte txertatze kanpaina horren alde onak azpimarratu ondoren, esan beharra dago A gripearen kontrako txertoak ere, beste txerto guztiek bezalaxe, badituela albo ondorioak. Baina, zorionez, oso arinak dira; esaterako, gorriune txiki bat txertoa jarri den tokian, edo gripeak berez ematen dituen sintomen antzekoak, baina askoz ere ahulagoak. 


Laburbilduz, esan daiteke A gripearen kontrako txertoak urte sasoiko gripearen kontrako txertoak dituen ondorio edo eragin berberak dituela. Dena den, badaude farmako behaketa edo zaintzako batzordeak, albo ondorioren bat agertuko balitz, hortxe daudenak, beti erne. Baina argi utziz, betiere, txertoak seguruak direla, eta gripea saihesteko prebentzio biderik onena eta eraginkorrena.

Gripea daukan pertsonaren senide edo zaintzaileentzako informazioa


A/N1H1 gripearen birus berriak askotariko sintomak eragin ditzake: sukarra, eztula, eztarriko hantura, muskulu eta giltzaduretako mina, edota beherakoa eta botagura.

Kasu gehienetan gripe hau arina den arren, halere, urtaroko gripearekin gertatu ohi den bezala, konplika daiteke pneumoniarekin, arnas arazoekin eta kasu bakan batzuetan heriotza ere gerta daiteke. Pertsona batzuek, esate baterako, emakume haurdunek eta zenbait gaixotasun kroniko dituzten pertsonek baliteke arrisku handiagoa edukitzea gripe birus honek eragindako konplikazioak jasateko.

Nola kutsatzen da gripea?
Birusa pertsonatik pertsonara igortzen da, batez ere airearekin, pertsonek hitz egitean, eztul edo doministiku egitean egozten dituen listu tantatxoen eta sudur jariakinen bitartez, airean, eskuetan edo gainazaletan barreiaturik geratzen baitira.
Pertsonak kutsa daitezke zuzenean infektaturik dagoen pertsona baten mikrotantak arnasteagatik, edo zeharbidez, eskuetan edo gainazaletan geratu diren mikrotanta infektatuak ukitu ondoren, eskuak begietara, sudurrera edo ahora eramateagatik.
Garrantzitsua da gripe sintomak dituztenen zaintzaileek:
  • Eduki ezazue pertsona gaixoa gainerako pertsonengandik ahalik eta urrutien, batez ere pertsona hauek arrisku faktoreren bat badaukate.
  • Gogorarazi pertsona gaixoari eztul edo doministiku egitean ahoa eta sudurra estali behar dituela ukalondoarekin edo zapi batekin arnas jariakinik ez barreiatzeko, eta eskuak sarri garbitu behar dituztela ura eta xaboia erabiliz.
  • Kontsultatzea ea gaixoa antibiralak hartzeko adierazten diren arrisku-taldeetakoren batekoa den.
  • Eskuak maiztasunez garbitzea urez eta xaboiz.
  • Egurastu ongi etxeko airea, sarritan leihoak zabalduz.
  • Saiatu pertsona gaixoek bisitarik har ez dezaten.
Ez da gomendagarria emakume haurdunek gripea daukaten pertsonak zaintzea.

Gaixo kronikoentzako informazio orokorra


Urte-sasoiko gripeak bezala, A/H1N1 birus berriak eragindako gripeak gaixotasun kronikoak larriagotu ditzake: bihotz-hodietako, birika edo giltzurrunetako gaixotasunak, diabetesa edo obesitatea, besteak beste.
Beraz, oso garrantzitsua da ondoko gomendioak kontuan izatea kutsatzeko arriskua ebitatzeko:
  • Ahalik eta denbora gutxiena egon gripe sintomak dituzten pertsonen ondoan.
  • Sarritan garbitu eskuak ura eta xaboia erabiliz.
  • Ahalik eta denbora gutxiena egon jendetza handia dagoen lekuetan.
  • Egurastu ahalik eta ongien etxea, leihoak sarritan zabalduz.
Era berean, beharrezkoa da pairatzen den gaixotasun kronikoa kontrolatzeak duen garrantzia azpimarratzea; horrela, gripearekin kutsatuz gero, konplikazioak pairatzeko arriskua murriztuko da.
A/H1N1 birusak eragindako gripearen sintomak edozein griperenak dira:
  • 38 ºC-tik gorako sukarra, batez ere lehen bi egunetan.
  • Arnas sintomak: eztula, doministikuak, sudur kongestioa, eztarriko mina.
  • Buruko mina.
  • Muskuluetako mina, ondoez orokorra.
  • Inoiz botagura eta beherakoa.
Ondoko arrisku-taldeetakoa bazara eta goian adierazitako sintomak badituzu, arreta medikoa eskatu ahalik eta lasterren.