Birusek eragindako infekzioen efektu kaltegarriak murrizteko balio duten medikamentuak dira.
Gripearen aurkako medikamentu antibiralak gripe birusak sortutako gaixotasunerako bakarrik dira baliagarriak, ez dute balio gripearenaren antzeko sintomak eragiten dituzten beste edozein infekziok eragindako sintomak tratatzeko edo prebenitzeko.
Medikamentu hauek ezin daitezke administratu mediku batek aginduta ez bada.
Gaur egun gripearen aurkako lau medikamentu antibiral daude: oseltamivir, zanamivir, amantadina eta rimantadina.
A/H1N1 motako gripe berriaren birusak erresistenteak dira amantadina eta rimantadinaren aurrean; beraz, bi medikamentu hauek ez dira eraginkorrak aipatu gripe birusen aurka.
A/H1N1 gripe berriari aurre egiteko eraginkorrak diren antibiral bakarrak oseltamivir (Tamiflu) eta zanamivir (Relenza) dira.
Administra daitezke:
- Ahotik kapsulatan, konprimitutan edo soluzioan (likidoa edo xarabea) (Oseltamivir).
- Inhalatuz (Zanamivir).
Oro har, antibiralekiko tratamendua administratzeko gomendatzen zaien gripedun pertsona bakarrak ospitaleratu beharrekoak eta gripeagatik konplikazioak jasateko arrisku altua daukatenak dira.
Medikamentu antibiralek eragin dezakete gaixotasuna arinagokoa eta iraupen laburragokoa izatea. Gainera, prebenitu ditzakete gripearen konplikazio larriak. Tratamenduaren eraginkortasuna askoz handiagoa da lehenbiziko 48 ordutan administratzen bada, horregatik tratamendua ahalik eta azkarren hastea gomendatzen da. Sintomak agertu direnetik 48 ordu igaro eta gero ere, tratamendua gomendagarria gerta daiteke, batez ere ospitaleratuak dauden pazienteentzat eta gaixotasun honi elkarturiko konplikazio larriak jasateko arrisku altua dutenentzat.
Antibiralekin tratatuak izateko arrisku taldeak
- Emakume haurdunak.
- Bihotz hodietako gaixotasun kronikoak (hipertentsioa salbu).
- Arnas gaixotasun kronikoak (honako hauek barne: bronkio-biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta asma moderatu-larri iraunkorra).
- Tratamendu farmakologikoan dagoen diabetes mellitus I tipokoa eta II tipokoa.
- Giltzurrun gutxiegitasun moderatu-larria.
- Hemoglobinopatia eta anemia moderatu-larriak.
- Asplenia.
- Gaixotasun hepatiko kroniko aurreratua.
- Gaixotasun neuromuskular larriak.
- Immunosupresioa duten pazienteak (GIB edo farmakoengatiko infekzioak eragindakoa barne, eta transplanteetako hartzaileak).
- Obesitate morbidoa (gorputz masaren indizea 40 edo gehiagokoa).
- 18 urtetik beherako haur eta nerabeak, baldin azido azetilsalizilikoarekiko tratamendu luzean badaude, Reye sindromea garatzeko arriskuagatik.
|